Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara.
Euskara_as
BAZTANGO, BORTZIRIETAKO ETA MALERREKAKO EUSKARA ZERBITZUEK TURISTENTZAKO ARGITALPENA BANATUKO DUTE, AURTEN ERE.
‘Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara’ IZENEKO ESKUORRIARI ESKER ESKUALDE HAUETAKO HIZKUNTZA ERREALITATEAREN BERRI EMAN NAHI ZAIE BISITARIEI
- Bi formatutan eskuratzen ahal da: paperean eta PDFn, sakelakoetan erraz erabiltzeko moduan.
- Aste Santu aitzinetik zabalduko da hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenen bitartez, baita euskara zerbitzuen bitartez ere.
- Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak ere lagunduko dute argitalpena turisten artean banatzen.
Argitalpenak Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpen labur bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpenean azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain, bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia.
Euskara zerbitzuez gainera, turismo arloko eragileek gisa honetako argitalpenaren beharra ikusi dute. Izan ere, eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira, baina ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin; eta euskara ere bada Baztanen, Malerrekaren eta Bortzirien marka. Hortaz, gabezia horri aurre egin nahian prestatu dute argitalpen hau.
Aste Santurako hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan egonen da. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzearekin.
Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak ere banaketarekin lagunduko dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Baztango Udala -Euskara Zerbitzua
948 580 006
