ZIGAKO SAN LORENTZO PARROKIA

Ondarea_t

San Lorentzo parrokiaren kanpoaldea

Leku pribilegiatuan dago Zigako eliza hau, Baztango landa giroko paisaia urbano eder eta tipiko batean baitago. Oso deigarria da daukan harlandu gorri ugari eta oparoa, inguruko harrobiren batetik aterea, baita harmailadiaren dotorezia ere, etxaurrearen perspektiba ikusgarriagotzen baitu. XVI. mendeko eraikina da, portikoa XVIII. mendekoa bada ere.

Latindar gurutzedun eliza da, gurutzadura ez oso nabarmenekoa; atal ezberdinik gabeko nabea du eta burualde zuzena da. Barrualdean, atentzioa ematen du, hainbertze margolanen artean, Ama Birjina eta Arraina mihiseak. Rafael margolariaren kopia bat da. Horri erantsi behar zaizkio Ebanjelio aldeko erretaulak; hots, XIX. mendeko Jesusen Bihotzarena eta Andre Mari arrosariokoarena. Azken hori artelan barrokoa, 1700 ingurukoa. Bestaldeko gurutzaduraren alboan, bertze bi erretaula daude, jada aipatu ditugunekin simetrikoki kontrajarriak. Bata, San Joserena, 1700 ingurukoa hau ere, eta jarraian, bertzea, Lurdesko Ama Birjinari eskainia. XVIII. mende amaierakoa edo XIX. mende hasierakoa izan behar du. Erretaula nagusia ederra da oso, estilo barroko peto-petoa, eta Fermin Larrainzarrek egina. 1713kotzat datatua. San Pedro eta San Pablo daude ikusgai, Andre Mari martxokoaren albo banatan, eta atikoko nitxoan San Lorentzo ageri da. Bitxikeria modura, esan, erretaula hori Iruñeko San Nikolas parrokiarako egin zela, eta han egon zela 1904ra arte, harik eta Zigara lekualdatu zuten arte.

Etxaurrea enparantzara zuzendua dago harmailadi handi baten bitartez, eta Herrera arkitektoaren soiltasun-estiloari jarraiki egina da, eta arku erako portikoa eta frontoi hirukia ditu, bisitarien gozagarri.

Volver arriba